Gaizka Aranguren: Garijo zaituztegu!

Euskalerria Irratia 2013ko urtarrilaren 29a

Lizentzia. Irrati honi ez diote lizentzia eman. Euskalerria Irratia ez da legezkoa. Purgatorioaren garaia ez da bukatu. 25 urteko purgatorioa dagoeneko. Israelgo herriak 40 urte eman omen zituen basamortutik pasioan. Euskalerria Irratiak 25 urte eman ditu jadanik uhinen basamortuan, botereak enoratua, laidotua, jipoitua.

25 urte herri ekimenaren altzotan. Ingurukoei, senideei, euskaltzaleei etengabe biberoia eskatu beharrean mende laurden.

Eta lizentzia banatzen dutenek pentsatu dute: 25 urtez bizirauteko gaitasuna izan duten hauek hiltzea ezinezkoa bada ere, eutsi diezaiogun apartheidari. Min gutxiago eginen digute alegaltasunean lurperatuta eta, gainera, indar gehiago bideratu beharko dituzte gai honetan.Irrati hau euskaldun eta euskaltzaleen bilgune izan da. Gaur gero, euskaltzale eta euskaldunen elkar-ulertzearen aldeko gune ere beharko du izan. Konplizitateak eraikitzeko biltoki.

Izan ere, egoera politiko berri baten atarian egon gaitezkeen honetan, euskaldunok Nafarroa Garaian katakunbetan bizitzera kondenatuta ez gaudela jakin behar dugu. Katakunbetan bizirauteko gaitasuna agerikoa bada ere, hori ez dela gure bizitoki naturala.

Euskalerria Irratiak euskarak berak erakutsi duen biziraupenerako gaitasunaren eredu da.

Euskalerria Irratiari horrenbertze beldur zergatik diote, bada? Euskaltzaleok ematen diogun baino garrantzia handiagoa ematen diotelako euskararen etsaiek. Euskara desager dadin lan egiten dutenek begiz jota daukate irrati hau eta haien jostorratzak iltzatzeko panpin modura darabilte.

Langileoi, elkartekideoi, bazkideoi, koltxoi gorritxori, Erize autoeskola zenari, Arrieta hestebeteei… Garijo zaituztegu!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!