Anuska: Transformismoak

Euskalerria Irratia 2013ko urtarrilaren 28a

 

 

Larunbat honetan Subeltzen bosgarren urteurrena ospatu zen. Arratsalde guztian zehar hainbat jarduera egin ziren, lehiaketak eta beste, eta ondoren drag gaua zetorren. Drag entzun eta lagunok berotu ginen, ez larunbat honetan, berria ezagutu genuen bezain laster. Drag, bai, lagun drag bat dut, baina besteok ere nahi genuen trabestitu, eta parada ezin hobea zen. Subeltz gunea ezagutzen ez baduzue, Curian dagoela esan dezaket, lagun batzuen artean antolatutako gune askea eta autogestionatua dela, baina, batez ere, haiek izendatzen duten bezala, gune antiautoritarioa dela. Eta horrek zer esan nahi duen? Ba, behin baino gehiagotan egon eta gero garbi daukat nik, gizartean eragina duten hainbat autoritate, ohitura, morala eta heziketa kasu, kanpo gelditzen direla. Zaren bezalakoa izan zaitezke bertan, inork ez dizu zentsuraz begiratuko, ezta harrituko ere, ezta, larunbat honetan bezala, agertu nahi duzun moduan agertuta ere.

Bertan geunden bada betiko lagunak, eta gau batzuetako lagunak, eta gau horretako bertako lagunak ere, adiskidetasunak ere askotarikoak baitdira, norbera bere itxura trabestituan, bere izaera, desio edota fantasiaz jantziak, lotsa gutxiz eta errespetu osoz.

Bazegoen Cornelia, ia bi metroko lore bitxi eta delikatua, gau horretan jaio berria, takoi berrietan ibiltzen, eta Antonio, gizontxo ezti eta isila, beste nonbaiteko ileak aurpegian itsasita, betiko arropaz eta jarreraz, eta Anuska, bai Anuska bat ere bazegoen, ileorde luze eta horaila, eta urre koloreko zorro txikiz, inoiz baino desinhibituago, eta bazegoen Alien, kamiseta tirantedunaz, eta gizonezko praka estuez, lesbiana zaildu baten itxuran alienatua. Eta bazeuden kapelak eta gonak, ileak eta makillajea, azpiko arropak agerian, protagonistak eta ikusleak.

Eta ederra zen. Eta bitxia baino naturala zen. Eta arrotza baino norbere baitakoa. Nik ez dakit han geundenetik zenbat geunden benetan ados hartutako azalarekin, noraino gustora, eta noraino antzesten, baina hura ez zen mozorro festa bat. Eta esango nuke kanpora begira baino barrura begira egindako performancea dela trabestitzea. Nor izan nahi dut? Normalean agertzen dudana soilik ez, beste hau ere banaiz eta azaldu nahi dut. Denok egin genuen ariketa, nola agertuko naiz gaur gauean? Batzuk sakonago, beste batzuk, azken momentuan, baina denok. Corneliak luze darama bere izaera eraikitzen, Anuskak badu sexu harreman ordainduen inguruan aspaldiko kezkarik, Antonio, Antonio ez denean, batzuetan gizontzat hartzen dute, eta Alien, ez dakit baina beharbada lesbianen moldeetan esperimentatzen dabil, emakumeekin harremanak izaten hasiz geroztik.

Kontua da, eta horretara nentorren, larunbat gau horretan denok atera genuela geure baitatik zerbait. Drag gaua zen. Drag, eta gaua, eta gaua horrelakoa da, kubatar horrek esaten zuen moduan, gauak nahasten nau. Edo nik esango nukeen moduan, gauean ateratzen gara. Kontzienteki eta ez hain kontzienteki.

Banuen lagun bat, Iñaki, oso gaizki pasatzen zuena gehiegi edaten zuenean, edo hobe esanda, ez edaten zuenean, hurrengo egunean baizik. Berak zioenez, alkoholak beste pertsona bat bihurtzen zuen, eta ez zuen gustoko. Oso formala zen eta nik ez dakit zer egingo zuen edanik zegoela, baina zera hori edanda bakarrik egiten zuen, eta gero damutzen zen. Niri atsekabea ematen zidan hori entzuteak eta pentsatzen nuen presio handia biziko zuela barneko ez dakit zein alde ezkutu eta ez onartuagatik, hainbesteko errudun sentipena sortzen ziona. Aspaldian harremanik ez dugun arren, alde hori integratua izan dadila opa diot nire baitan.

Ana ere goibel zegoen igandean, Anuska izan eta gero, probokazio jokoan aritu eta gero, telefonoz deitu zidanean. Alaitasunak eta desioak gorako bidea egin eta gero beherakoa egiten dutelako, ez zen besterik. Ezaguna du sentipena baina ez zitzaion damutu. Alvarok esan zion bezala, pastel horrek ez zuen gindarik behar. Kitzikagarria izan da irrika sentitu eta lotsagabe adieraztea, ezta? Bai, Ana, gozagarria.

Eta Alvaro, Cornelia izan ondoren, berarekin ere hitz egin nuen, eta pozik zegoen egindako transformazioaz, pixka bat zalantzati ere, besteek zein harrera egin zioten arabera. Ikaragarria izan zen Alvaro, ederra zeunden.

Bai, nire lagunek ere, gauak emandakoaz, ateratakoaz, badute zer pentsatu eta zer sentitu, baina ez zaie inoiz damutzen, eta ez dute ukatzen. Alderantziz, bizi eta baliatzen dute. Eta igandeetan, edo edozein egunetan, egunaren argian, badituzte lagun baten belarria eta begiak, damutzeko tentalditik ateratzeko. Bai, oso ondo pasatu genuen, eta gehiago ezagutu genuen elkar, aspaldiko lagunok, eta gau batekook. Eskerrik asko, Subeltz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!