Edurne Begiristain: Trebiñu

Euskalerria Irratia 2013ko urtarrilaren 28a

Ez da izango saiatzen ez direlako. Ezta hamaika eratan eskatu dutelako ere. Enegarren saiakera egingo dute orain trebiñuarrek Arabara behingoz batu daitezen. Trebiñuko alkateak hartu du, oraingoan, ekimena, eta legediak ezarritako tramiteak abiatu ditu Burgosen parte izateari utzi eta Arabarekin bat egiteko. Ignacio Portilla alkateak ez du etsi nahi. Udalbatzak onartzen duen proposamena helaraziko die Burgosko eta Arabako diputazioei, Gaztela Leongo Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari. Eskaerak aurrera egiteko esperantzari eusten dio. Nago, trebiñuar gehienek bezala, itxaropenari heltzea beste aukerarik ez duela izango alkateak, errealitateak, edo hobeki esanda, beste batzuen interes politiko eta ekonomikoek euren borondatea zapuztu dutelako urteetan.Blokeatuta dago aspaldi Trebiñuko auzia. Ez aurrera ez atzera. Irtenbiderik gabe. Alderdi politikoen agendetan egun batetik bestera agertu eta desagertzen den gaia da. Arabako bihotzean dago Trebiñuko Konderria, baina Burgoseko administrazioaren menpe dago XVII. Mendetik. Trebiñuarrek hamaika aldiz adierazi dute Araban sartzearen aldekoak direla: 1940an, 1958an, 1980an eta 1988an egindako galdeketak horren lekuko dira. Sekula ez zaie libre eta demokratikoki adierazitako borondate hori errespetatu.

Orain, Trebiñuko alkateak, Arabara batzeko tramiteei ekin die. Jakinda, hori bai, tramite oro hutsalak izango direla Gaztela eta Leonek ezetzan tematuta jarraituz gero. Alkatearen urratsa, beraz, praktikoa baino, sinbolikoa da, eta PP mugiarazteko presioa izan daiteke. Zaila baitu PPk udalerri oso baten nahiaren aurkako jarrera justifikatzea, bereziki bere alderdikideak, Araban, Trebiñuarren borondatea errespetatzearen aldekoak direnean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!