Sabino Cuadra eta Uxue Barkos diputatuen idurikoz, UPNren Gobernua urtea amaitu aurretik eroriko da. Edo, Cuadraren hitzetan, "bota egingo dugu, ez baita bakarrik eroriko". Barkosen arabera, hiru dira aldaketa politikoari bidea zabaltzen ari zaizkion faktoreak: ustelkeria, murrizketak eta ETAren desagerpena. Gainera, Cuadrak dioenez, "Kontuz, baskoak datoz eta!" dioen komodin politikoa "pitzatuta dago, jendea ikusten ari baita galbidea,aurkaria ez dagoela Baskongadetan baizik eta Madril ustel horretan". Cuadrak berak aitortu du Nafarroan abertzaleen arteko harremanetan "sektarismoa" izan direla, baina hori gainditzen ari dela uste du. Barkos Bildu eta Geroa Bairen arteko harreman "normalizatuen" alde azaldu da. Barkosek ere aitorpen bat egin du: oposizioa oraindik ez da gai alternatiba bat ehundu eta adosteko, eta bere idurikoz hori lortzea da "erronka nagusia". Cuadraren iritziz, "gero eta protagonismo handiagoa eman behar zaio gizarteari, PSN aldaketa horretara bultza dezan". Hori guztia eta gehiago esan zuten Cuadrak eta Barkosek iragan astelehenean Auzolan liburu dendan, Euskalerria Irratiak antolaturiko Elkarrizketak Auzolanean ekimenaren barruan. Idatzizko kronika osatuagoa hemen. Solasaldi osoaren bideoa, lerroon azpian. Audia, horren pean. On egin.