Nahastuta dabil azkenaldian Roberto Jimenez. Baina, badaezpada ere, gainerakoei eskatu digu gauzak ez nahastea. Barcenas eta CAN kasua ez nahastea, alegia, ez dutela zerikusirik. Eta hala, nahastu da PSOE ikerketa batzordeen inguruan bozkatzerako orduan, eta nahastu gaitu gainerakoak, Madrilen Barcenas kasua ikertzea sutsu defendatzen zuen bitartean, Nafarroan CAN kasua ikertzeari uko egin dionean.
Argi eta garbi, PSNk izendatutakoak UPNkoekin nahasten zirelako aurrezki kutxako organuetan, eta badaezpada ere, ez daitezen gauzak nahastu. Nahastu gabe, bi kasuetan nahi dugu egia jakin, Roberto. CAN eta Barcina..,barkatu, Barcenas kasuan. Nahastu naiz.Nahastuta dabil Roberto Jimenez. Tira, nahastuta dabil PSN aspalditik. Eta Nafarroan aldaketa politikorako aukerak sendotzen diren honetan, oraindik ez dago argi zein den alderdi horrek hartuko duen jarrera. Egoera gehiegitxo nahasi zuen 2007ko abuztu hartan, eta gauzak nola dauden ikusita, ez du ematen oraingoan nahasteari utziko dionik. UPNrekiko kritikak benetako aldaketa gauzatzeko ausardi faltarekin nahasten baititu, egunero, PSNk. Nahastuta dabiltza Jimenez eta bere lagunak. Eta, tira, nigatik, nahas daitezela nahi beste. Baina, arren, ez gaitzatela gainerakoak gehiago nahastu.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!