Miel Anjel Elustondo 'Zaldi Ero' fitxatu du Metropoli Foralak neguko merkatuan

Euskalerria Irratia 2013ko urtarrilaren 24a

Osasuna fitxajeak egiten ari da neguko merkatuan. Euskalerria Irratia ezin gutxiago izan. Miel Anjel Elustondo Zaldi Ero fitxatu du Metropoli Forala saiorako. Akordioaren nondik norakoak oraindik ez dituzte publiko egin, baina iturri onetik jakin ahal izan dugunez, Zaldi Erok Euskalerria Irratiko gainontzeko kolaboratzaileek jasotzen duten sari bera jasoko du: eskerrik beroenak eta irrati urtearen amaieran afaria. Bejondeiola.

Gasteizen bizi den Azpeitiko semea. Saltsa askotako perrexila. Eskarmentu handiko argazkilaria. Kazetaria. Literaturzale amorratua. Bi hitzetan esateko, Zaldi Ero. Orain, Euskalerria Irratian esatari hamabostean behin.

Urtearen hasiera honetan, atzean utzitako eguberriak, igotzen ari garen urtarrileko aldapa eta merkealdien zarata izan ditugu mintzagai Zaldi Erorekin. Bitoriano Gandiaga poetaren hitzak ekarri ditu gogora. “Eta Gabonak, eta Gabonak: zelofan, papel de plata. Gabonak datozela-ta txanpon-txanpanak botaka, itxura hala dela-ta. Letra ederrik helduko zaigu, Gabonak pasa-ta”.

Ilbeltzeko malda igotzen laguntzen ez diguten letrak, argiarena, telefonoarena, gasarena…alde batera utzi eta merkealdiez ere aritu gara tartarrean. Esaera zaharrak dioenez, dagoenean bonbon, ez dagoenean egon. Elustondok galdera eta gogoeta sakona egin du gurean: “kontsumitzea betebehar bihurtu al dute inon? Larunbatean, euritatik ihesi hiritar asko ikusi nituen Corte Inglesen sartzen. Aterpearen bila bakarrik edo barruko hutsa betetzeko asmoz? ” Iruñeko Irrintzi Dorreko leihotik begira ere jarri gara. Negu giroa ilbeltzean, euriaren kolore grisa eta elurraren zuria gertu.

Zaldi Erok hala eskatuta, Patziku Perurenak idatzitako 'negu minean' kanta aditu dugu. Amaieran, Frantzisko Laphitz jaunaren berri eman digu kazetari azpeitiarrak. “Ez da bart arratsean sortua, 1832an etorri baitzen mundura Arizkunen. Apez bidean jarri zen, jarri zuten, aita Betharramita egin eta Montevideora abiatu zen hogeita hamar urtetan…..” Aurki etorriko zaigu berriz Miel Elustondo irratira. Zaldi Ero eta bere bidelagunak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!