Krisiak izanen dituzte hizpide bertsolariek, larunbateko bertso Egunean. Mota guztietako krisiak, zehaztu dute antolatzaileek. Bertsolaritza eguneratzeko gogoaren ispilu da gaurkotasunari begiratu behar hori. Krisiak nola edo hala jo izanen zuen bertsolaritza. Diru gutiago dago bazterretan.
Saio gutiago, beraz, eta sari apalagoak bertsolarientzat. Bertsolaritzak, hala ere, ez du krisian ematen, euskal kulturaren bertze alor batzuek ez bezala. Literaturak eta hedabide idatziek inbidiaz begiratzen diote bertsolaritzaren fenomeno masiboari. Euskarak, nonbait, saldoa behar du, taldea, multzoa, eta hala eskaintzen bertsolaritzak. Bakarka irakurtzen dugularik, liburua, egunkaria, astekaria, web orria… erdarara jotzen dugu lasai aski. Krisia baino lehen, eta are gehiago krisiaz geroztik.