Iñaki Irisarri: Euria

Euskalerria Irratia 2013ko urtarrilaren 23a

Ezer magikorik baldin bada munduan oraindik, horixe dugu euria.

Inoren kontroletik kanpo dago, eta gutxien ustean, gu harrapatu eta blai eginda uzteko gaitasuna du, besteak beste. Udako egun beroenean ere, halako batean lehertu eta goitik behera bustiko zaitu, galtza motzetan eta sandaliak jarrita zaudela. Bestela, udaberriko goiz suabe batean, euri txikia besterik ez dela iritzi eta azkenean majo bustiko zaitu zirimiri engainagarriak. Neguko erauntsiak harrapatuz gero, egunotan ikusi izan dugunez, ez dago behar bezala babestuko zaituen xirarik edo guardasolik, eta hori hoberenean, okerrenean ibaia bera hurbilduko baita zure etxera bisita egitera, bere ohiko bidea gibelean utzita.

Halere, etsai ikusi beharrean, esperantza-iturri ikusten dut nik euria. Are gehiago, euria izan nahi dut nik. Edo hobeki esanda, euri-zaparrada izugarria osatzen duten ur-tanta horietako bat. Izan ere, azken hilabeteotan ur-tanta asko atera dira kalera gure agintarien jokabide ustela salatzera, eta Nafarroako Gobernuko teilatuan ere itaxuraren bat edo beste ikusten ari garen honetan, eurite ederra osatzen lagundu nahi nuke nik, uholdeak bere bidea egin eta besaulkian gozo dagoen baten bat aurretik eramanen duelako esperantzan.

Euria irakasbide polita dugu horretan; ur-tanta gutxi batzuekin hasten da beti, baina arian-arian hasita eta barra-barra segituta, ez dago bere indarra geldituko duenik. Hartara, lagunok, euri izan gaitezen, eta jarrai dezagun langar, lantxurda, uhar eta tarrapata moduan erortzen, goian behean eta behean goian zer demontre, behetik hasi beharko baitu goiko ustel horiek behingoz errekara eramanen dituen erauntsiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!