Nafarroako ospitale gunean eltze joaldi zarata egon da azken egunotan, atzo izan baitzen gaixoei bazkaria “catering” bidez eraman zitzaien lehen eguna. Sukaldeetako langileak izan ziren horien eragile, baita bertako erizain, zaintzaile, gaixo edo senitartekoak. Kanpoan egindako bazkaria banatu zuten lehen egun horretan “kaos” hitza erabiltzea ez omen da gehiegikeri linguistikoa, baten batek bokatak erosi behar izan baitzuen kafetegian.Baina egun hauetan Nafarroan ez dira lapiko hots horiek bakarrik aditu. Helikoptero zarata ere izan dugu geure buruen gainean. Nafarroako Aurrezki Kutxako trapu zikinen azken agerraldian, bertako VIP bezero zein zuzendaritza batzordekoek kutxako fondoei eutsiz luxuzko bidaiak egin zituztela jakin izan baitugu. Saldo mugagabeko kreditu txartel eta guzti! Helikoptero bidaiak barne!
Harreman estu-estua dago lapiko eta helikoptero zaraten artean. Etxebizitza burbuilak funtzionatzen zuenean UPN-k Nafarroako Aurrezki Kutxa erabili zuen Nafarroako oligarkia ekonomikoa mantentzeko. Kreditu errazaren garaia bukatu denean guztion ondarea desegitera jo du gezurrezko burbuila ekonomiko hori mantentzeko.
Arpilatze urte hauetan badirudi boterean egondako guztiek badutela zer esanik, horregatik egia jakin nahi dugu. Informazioa gardena jaso nahi dugu, modu publikoan; pausu, erabaki, esleipen eta diru banaketa bakoitzaren arrazoiak jarri behar dira mahai gainean. Baina Nafarroako botere estrukturetan egon direnek ez dute nahi, Rajoyk egian esan nahi ez duen bezala.
Oso argi izan behar dugu: egia esan nahi ez duten horiek dira zorraren arduradunak, horiek dira hiriak beren erara moldatzen dituztenak, sistema publikoaren pribatizazioarekin aberasten direnak. Horiek guztiak dira gu pobretzea erabaki dutenak. Horiek dira politikaren artearen duintasuna zaborrera nahita bota dutenak. Horregatik, garai berri bati hasiera emateko Atenaseko “Ez dugu zor, ez dugu ordainduko” leloa hartu genuen bezala, Buenos Airesko “Doazela denak, inor gera ez dadila” ere kopiatuko dugu.