Alberto Barandiaran: Ur emaria

Euskalerria Irratia 2013ko urtarrilaren 21a

Ondo begiratuz gero, Castejonen Ebrok azken egunetan izan duen gehienezko emariaren kurba historikoak Tourmaleta ematen du. Eta arro osoaren plubiometroetan batez beste jasotako ur kopuruak, berriz, Ardibidepikua edo. Eugin, 18,3 hektometro kubiko zeuden pilatuta gaur goizeko bederatzietan. Tontakeria gutxi.

Esako urtegia, bi egunetan, 484,09 metro kubikotik 487,24 metro kubiko ura biltzera pasatu da, eta Arga ibaiak, Etxaurin, gaur hilak 21, 220 m3 darama segunduko; baina aizue, joan den asteazkenean, 1.000tik gora zeraman! Eta Castejongo urak lau ordu behar omen ditu Tuterara iristeko! Eta badakizue, Argak, Funesen, iaz halako bi aldiz gehiago ur zeramala joan den asteburuan? Eta Arinzanon, Egan, bi egunetan, gradu bat jaitsi dela uraren tenperatura, 9,38 gradutik 8,37 gradura? E, bazenekiten? Harrapa

datu hori.

Oraintxe Allozko hezetasun erlatiboaren datuak konprobatzen ari naiz, nahiko kurba interesgarria, nahiz eta urtarrilaren 17an %70etik jaitsi zen. Ikaragarria izan zen, baina horren berririk ez zuten aipatu albistegietan. Ez, Pagozelaira deika eta deika ari omen ziren orduan, gatzategietako erreserben kurbaz galdetzeko, eguerdiko informatiboa horrekin zabaltzeko. Une batez, bertako langilea elur maluten azpian irudikatu nuen, zerura begira, begiak itxita, telefonoari entzungor, pozik urteko lehen elurtearen isiltasunarekin.

Lotsagabe halakoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!