Edurne Begiristain: Lan diskretuaz

Euskalerria Irratia 2013ko urtarrilaren 21a

Esaten den baino gehiago egiten ari omen da presoen auzian. Halaxe esan du Iñigo Urkullu lehendakariak. Jendaurrean ez dela esaten, baina lan diskretua egin egiten ari dela. Mugimendu zenbaitzuk ere egon ei ziren duela astebete, eta horien berri ere baduela ezker abertzaleak, nahiz eta publikoki aitortu ez.

Diskrezioz ari omen dira presoen aferan lan egiten. Edo hori sinistarazi nahi digute. Ibiliko omen dira bai zerbait egiten, baina itxura batean ez du ematen. Ez dakit 84 espetxeetan sakabanatuta daude 606 euskal presoek aldaketarik somatu duten euren bizi baldintzetan. Ez dakit presoen senideek diskrezioz egindako urrats horiek nabaritu dituzten. Ez dakit somatu duten espetxeetarako joan-etorriak laburragoak diren, istripu arriskuak gutxitu diren edo kartzeletako funtzionarioen umiliazio eta erasoak leunagoak diren.

Ez dakit oso gaixo dauden hamahiru euskal presoek euren osasun egoeran hobekuntza nabarmenik nabaritu duten. Ez dakit bakartuta dituzten 11 presoen eguneroko bizitza zoriontsuagoa den, euskaraz gutunak idatzi nahi dituztenek lasai asko egin dezaketen, edo beren bikotea preso dutenek euren neska edo mutilarekin espetxe berean egoteko aukera duten.

Esaten den baino gehiago egiten ari omen da presoen auzian. Hori esaten dute noiz eta espetxe politika krudeltzen ari dela salatu berri duenean Etxerat elkarteak. Noiz eta presoen egoera gehiago tenkatzea salatu duen presoen elkarteak. Ez dakit Urkullu gezurretan ari ote den esan duena esan duenean. Sinetsi nahiko nioke, noski. Baina errealitateak ez du bat egiten bere adierazpenekin. Eta presoen auziak, tamalez, premiazko erabakiak eskatzen ditu. Berehalakoak. Urgenteak. Irmoak eta atzera bueltarik gabekoak. Eta ustezko lan diskretu hori, nago, astiroegi doala. Baldin badoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!