Aitor Etxarte: Sobreak, zapata kutxak, zakuak…

Euskalerria Irratia 2013ko urtarrilaren 21a

Sobreak, zapata kutxak, zakuak, zabor poltsak.. denetarik erabiltzen dute billete handiak aterpean jartzeko. Mugarik gabe aritu eta ari dira. Horretarako gerra bat piztu eta irabazi zuten. Handik hona, hamaika plan gauzatu dituzte. Hasierako erailketa eta lapurreta zuzenen ondoren, legalitatez jantzitako ebasketak etorri dira. Azkenak, orain ezagutzen hasi garenak, zerbitzu eta ondasun publikoen pribatizazioaren kontura. Eraginkortasunaren izenean, ekonomia hobetzeko asmoz.

Owen Jones ikerlariak, “Chavs” liburuan, aipatzen du NEF erakundeak (Ekonomia Berrirako Erakundea) Bretainia Handian berriki aztertu duela langileek jasotzen duten soldata eta lanaren giza balioa, hau da jendarteari sortzen diona. Lau adibide.

Bat. Ospitaleko garbitzaile batek, gutxieneko soldata irabazten duena, ordaintzen zaion euro bakoitzagatik hamar sortzen ditu.

Bi. Birziklatzaile batek, zabor biltzailea garai batean, euro bakoitzeko hamabi sortzen ditu.

Hiru. Finantzari batek sortzen duen euro bakoitzeko, zazpi suntsitzen ditu.

Lau. Publizista exekutiboak euro bakoitzeko halako hamabi deuseztatzen ditu.

Bakar batzuen lukurreria? Salbuespen kasuak? Warren Buffetek, aberats izugarri ezagunak, elkarrizketa batean esan du: “Klase borroka dago, ados, baina nire klaseak, aberatsenak, deklaratu du, eta irabazten ari gara”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!