Patxi Zubizarreta: Bi liburu zerura joateko

Euskalerria Irratia 2013ko urt. 16a, 17:06

Sarritan aipatu izan dut Xuan Bello egile asturiarra, bablez, Historia universal de Paniceiros bezalako liburu ederrak bablez idatzi izan dituena. Orain, baina, La nieve y otros complementos circunstanciales ekarri nahi nuke hizpidera, aurrekoak bezala, zatikiez osatua, izan poemak, narrazio laburrak, gogoeta solteak… Euskal Herria, euskara eta literatura ere behin baino gehiagotan agertzeak poza ematen du.

Segidako aipua, ordea, literatura unibertsalari dagokio, eta Virginia Woolf idazlearena da: «Batzuetan amets hau egin izan dut: azken iudizioko eguna zabaltzean, Jaun Gorenarengana urlia eta berendia, horrelako eta halako epai eta sari bila joaterakoan, eta Kreatzaileak batzuk-batzuk liburuak besapean ditugula ikustean, Pedrorengana itzuli, eta inbidia pixka batekin honakoa esango diola: ‘Horratx: hauek ez dute saririk behar. Hauentzat ez daukagu zer eskaini. Irakurtzea gustuko zuten’».

Irakurtzea gustuko dugu. Bai horixe. Eta gurean ere bada Belloren liburuaren estetika bertsuko liburu argitaratu berri bat, hain zuzen ere Anjel Lertxundiren Paper festa ~minimalia~, hau ere hamaika teselaz osatutako mosaikoa. Eta hona harribitxi horietako bat, aho gozagarri, Jainkoari inbidia emateko. Ikusezina du izena eta honela dio:

«Bost urte daramatzat emakume bera zaintzen. Lehen, besotik helduta ibiltzen ginen; orain, orgatxoari bultzaka eramaten dut. Hasieran harremana ez zen gozoa: sarritan argi asko uzten zidan sudakak ez gatzaizkiola gustuko.

Orain hobeto moldatzen gara.

Baina nire asmoa ez da zaintzen dudan emakumeaz jardutea, egunero etortzen zaigun gizon onberaz baizik. Ni baino zaharxeagoa da eta nik zaindutako emakumea baino hogei bat urte gazteagoa. Hurbiltzen denean, irribarre egiten du eta txera handiz mintzatzen zaio emakumeari. Gustagarria da, galaia, gizon-gizona. Eta ni, gizona noiz agertuko egoten.

Gaur ere ikusi dut. Dentistarenean nengoen, zaintzen dudan emakumeari arratsaldea libre eskatu eta gero. Kostata, baina azkenean jai eman dit. Hartan, ia egunero ikusten dudan gizon adeitsu gustagarria sartu da kontsultan. Hagineko minari muzin egin eta sorpresazko irribarrea eskaini diot.

Ez nau ezagutu.

Ez nau sekula ikusi emakumearen besotik, haren orgatxoari tiraka…».

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!