Xabier Barber: Aberastuak eta pobretuak

Euskalerria Irratia 2013ko urt. 16a, 18:00

Munduko herri aberatsen gehienak (Amerikako Estatu Batuak, Kanada, Japonia eta mendebaleko eta erdiko Europakoak batez ere) beste herriak pobretzen aberastu direlakoan nago, tokian tokiko eliteen laguntzaz. Adibide asko dago, haien artean Afrika, ia osoa, mingarriena ziur aski.

Alde batetik, bertan dauden lehengaiak, mineralak eta petrolioa batez ere, lapurtuz. Beste aldetik, armak salduz, bai gobernu "legitimoei", baita oposizioko taldeei ere. Horrek guztiak herri pobretuen betiko estruktura sozial eta ekonomikoen desagerpena, edo, gutxienez, desestrukturazioa, ekarri du.

Oraintxe bertan Frantziako gobernu "sozialistak", komatxo artean, Maliko liskarrean parte hartzea erabaki du, bertako gobernua lagunduz. Politika altruista? Bai zera! Galdera horri zuzen erantzuteko, lehenbizi beste hainbat galderari erantzutea derrigorrezkoa izanen zen. Ze interes ekonomiko ditu Frantziak Maliko lurraldeetan? Zenbat arma eta estrategia militar berri probatuko ditu armada frantziarrak? Zenbat arma frantziar dituzte matxinatuek? Ze punturaino jaitsi da Frantziaren eragina Afrikan?

Ene ustez, mundu justuagoa lortzeko, baita gure herrialdeetan ere, bakean utzi behar ditugu herri pobretuak edo, zerbait egitekotan, desegin duguna berregiten lagundu, haien eran, ez gure eredua inposatzen saiatuz. Bestela, jai dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!