Josi Basterretxea: Zapata-zenbaki bera

Euskalerria Irratia 2013ko urt. 16a, 11:29

Urak dakarrena, urak daroa esan ohi dute gure zaharrek. Eta egunkarietako azalak ikusita, badu zer eramana urak gure bazterretatik. Ur handiak ekarri ditu aurtengo lehen denborale naturalak.

Baina, nago bestelako denboralen mende bagaudela aspaldi, ez hainbeste naturalak, politikoak baizik.

Uholde antzera datoz Madrildik irizpideak, dela hezkuntzari buruz, dela botiken prezioari buruz. Eskura dituzten lantresna guztiekin, berdintasunaren olde monolitikoa ari dira lantzen Madrilen.

Espainol guztiak berdinak garelako, birritan ordaindu beharko ditugu botikak… “kopagoa” deitzen diote. Euskal Autonomi Erkidegoko Jaurlaritzak ez ordaintzeko hautua egin zuen bere garaian. Orain, tribunalek esan dute aplikatu egin behar dela baita hemen ere.

Hezkuntza-sistemaren erreforma dator segidan. Hor ere, espainol guztiak berdinak gareneko leloarekin egin dute aldarri Madrilen. Hor ere, ezezkoa esan, eta gero tribunalek agindutakoa bete beharko da?

Berdintasunaren olde itsu horrekin, denei zapata-zenbaki bera jartzea izango da hurrena!

Ongi izaten saiatu, entzule. Ez baitago erraz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!