Fermin Erbiti: Betikoan gaude

Euskalerria Irratia 2013ko urt. 15a, 13:00

Hotza, euria eta mendietan elurra ere, horra hor komunikabideek urtarrilean nabarmendu beharrekotzat jotzen duten albistea. Gasteiz eta Iruñean, hotza, euria, eta Opakoan eta Aralarren hotz handiagoa eta elurra. Eta berritik deus ez duen albistea behin eta berriro errepikatuz, gero eta toki zabalago hartzen duen eguraldiari buruzko informazioan.

Kazetarioi politikariei bezala gertatzen zaigu. Karril berdinetik joaten gara beti, hor eroso sentitzen baikara. Mundua aldatzen ari omen da. Gu, berriz, betiko martxan. Urtarrilean hotza da albistea, uztailaren hamabostean Sanferminetara etorritakoek alde egin dutela.

Alderdi politikoetako gazte batzuen tertulia iragarri ziguten atzo Euskalerria Irratia ri esker gureganaino heltzen den Euskadi Irratian. Nagusien mezua eta tonuarekin alderatuz hura freskoagoa eta, beraz, interesgarriagoa izanen zelakoan, irratia pizturik kaleratu nintzen eguneroko erosketak egitera. Eta haiek ere karril berdinetik, nagusien diskurtsoa goitik behera errepikatuz, freskotasunari zirrikiturik utzi gabe.

Alderdi politikoetako gazteenak ere gu noizbait harritzeko gauza ez badira, gureak egin du. Bost minutuz entzun nien. MP3ko irratia itzali eta musika jarri nuen. Betiko musika entzuteko, gutxienez nirea izan dadila.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!