Gorka Bereziartua: Karromero etxera

Euskalerria Irratia 2013ko urt. 14a, 17:18

Demagun Kuba diktadura bat dela. Demagun hango epaileek ikaragarrizko zorroztasuna darabiltela herrialdea hankaz gora jarri nahi dutenen kontra. Demagun Angel Carromero demokrata dela. Eta demagun Kubako justiziaren eskuetan erori dela. Premisa horiek egiazkoak balira, PPko gaztedietako kideak gorriak ikusi behar zituen Habana-Dakar rallya egin nahian auto istripua izan, bere lagun bat kasatu eta ondoren, espetxean sartu zutenean.

Demagun Espainia herrialde demokratikoa dela. Demagun demokraziaren baliabideak erabiliz egiten diola aurre talde terrorista baten erasoei. Demagun talde terrorista horrek armak uzten dituela eta urteetako gatazkaren ostean normalizazio aro baterako urratsak ematen hasi dela. Premisa horiek egiazkoak balira, Espainiako gobernuak ez luke problemarik eduki beharko zakurraren ipurdiko kartzeletara bidali dituen euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzeko, sikiera.

Eta orain utz dezagun demagunka egiteari eta irakur ditzagun larunbateko berriak. Kubako diktadurak aske utzi du Angel Carromero pilotu frakasa eta talo aurpegia aldatu gabe Espainian dago, mandatari lana egiteagatik 50.000 eurotik gorako soldatarekin. Egun berean, 100.000 lagun bildu gara Bilbon Espainiako gobernuari eskatzeko urratsak eman ditzala euskal presoen aferan, haien kontrako mendeku kixotetarrean tematzen ari baita.

Ez esan konparazioak ondorio bitxiak ematen ez dituenik: diktadurak aske uzten du erregimenaren aurkako ekintzailea, beso eta hanka kateatu ordez. Demokraziak berriz, bere legearekin hankartea igurzten du, sakabanaketa bere horretan mantentzen du eta herritarrei entzungor egiten die.

Demagun batzuetan bi notizia elkarrekin gurutzatzea aski dela demokrazia eta diktadura bezalako kontzeptu konplexuak askoz argiago ulertzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!