Edurne Begiristain: Urtemugak

Euskalerria Irratia 2013ko urt. 14a, 14:47

Oroitzapenaren kutxa zabaltzeko urtea izango dugu aurtengoa. Euskal Herriaren historian mugarri izan ziren hainbat gertaeren urtemuga borobilak ospatuko ditugu.

Hamar urte beteko dira datorren otsailaren 20an Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria kazeta itxi zuela. Osteguna zen, eta goizaldean hamar lagun atxilotu eta betiko itxi zuten euskarazko egunkari bakarra. Orain dela hiru urte egin zen epaiketan Auzitegi Nazionaleko epaileek ebatzi zuten bidegabea zela itxiera, eta auzipetuak absolbitu zituen.Denboran bost urte gehiago atzera joz gero, Lizarra-Garaziko Adierazpenaren jaiotza izango dugu. Hamabost urte beteko dira irailaren 12an gure herriaren historian garrantzia handia duen akordioa sinatu zenetik. Gatazka politikoari konponbidea eskaintzen zion proposamena sinatu zuen erakunde politiko, sindikal eta giza mugimendu zabal batek. Porrot egin zuen itunak denbora gutxira, baina bidea ireki zuen indar abertzale aurrerakoien elkarlana eta metaketarako. Hazia erein zuen Lizarrak.

Azkenik, beste bost urte atzera jo eta HB isolatzeko helburuz sinatutako Ajuria Eneko ituna dugu. Iragan larunbatean 25 urte bete ziren akordio hura izenpetu zenetik. Itun hark ere porrot gin zuen, agerian denez. Baina arrastoa utzi zuen.

Urtemuga batzuk zorigaiztokoak. Itxaroperako atea zabaldu zutenak dira beste batzuk. Denak, hori bai, gure herriaren ibilbidean garrantzia izan dute, eta urteko lehen argazki honetan begirada jartzea merezi dutelakoan nago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!