Ander Perez: Trenak

Euskalerria Irratia 2013ko urtarrilaren 10a

Literatur elementu erabilia izan da betidanik trena. Azkenaldian, literaturatik aparte, politikan ere agertu zaigu, behin baino gehiagotan. Trenak bota zuen zulora lehendakari zen Patxi Lopezi geratzen zitaion sinesgarritasun gutxia, Estatu Batuetako bidai antologiko hartan. Tren baten tirabirak medio bete zioten aurpegia merenge gogorrez Barcina gure presidenteari. Herenegun ere tren batek bildu zituen gaur egun beste ia ezerk bildu ezin ditzakenak, Artur Mas Kataluniako generalitateko presidentea eta Mariano Raxoi Espainiako gobernuko presidentea.Trena, trena eta trena. Garapenaren eta kudeaketa onaren sinboloa bihurtu dela dirudi. Aurretik Francok urtegiak eta errepideak erabiltzen zituen moduan erabiltzen dute orain trena gure agintariek. Trenaren eraikuntza dirudi garapen ekonomikoaren gailurra, eta azkarra bada, are hobeki.

Kontua da garai bateko balentria eta azpiegitura handiek topea aurkitu dutela egungo krisiarekin batera, eta lehenago, jantziaren hegalean ederki letorken galoia zena, gaur egun amildegi politikoa ere izan daitekela hainbatentzat. Jende askok ezin baitu ulertu oinarrizko zerbitzuetan murrizketak egiten diren bitartean tren batean dirutza handiak xahutzea. Horregatik, kontuz ibili beharko liratezke gure agintariak trena salbaziorako tresna gisa erabiltzen badute, abiadura handiko trenak garaipenera bezain azkar eraman baititzazke porrotera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!