Begiak erakartzen ditu argazkiak. Zuri-beltzeko irudiak mugimendua adierazten du. Xeheago begiratu eta nabarmenduko ditugu zazpi dantzari; hiru lurrean eserita daude; beste lauek, gonak airean zabalduta, lore antza hartzen dute, eta pinpilinpauxak ere gogorarazten dituzte.
Verdini dantza taldekoak dira, Down sindromedunekin lan egiten duen dantza taldekoak. Hogei urte bete ditu Verdinik. Hogei urte Isabel Verdini dantzariak bere iloba Haizea, down sindromeduna, dantzari bihurtuko zuela erabaki zuenetik. “Esan zidaten halako proiektu bat aurrera eramatea ezinezkoa izango zela” kontatzen du Isabel Verdinik. “Erotuta nengoela ezgaitasun intelektualen bat duten pertsonez osatutako dantza talde bat sortu nahi izateagatik”. Denborak Isabel Verdiniri eman dio arrazoia.
Zazpi ikuskizun muntatu dituzte 2000garren urtetik hona: Gure indarra, Nahi nuena, Bihotzetik, Ilunpetik, Argira eta Dantzaria naiz. Izenek zedarritzen dute historia, indarretik abiatu eta “dantzaria naiz” esan ahal izateraino.
Oroitzapenen albumean beste argazki batzuk dauzkat. Zapatu goiz batean Verdiniko neskak entseguan. Lehendabizi dantzaren edertasunarekin hunkitzea izan zen. Gero Haizea eta bere lagunak ezagutzea, mikrofono aurrean adierazpenak egiten. Bukaeran, tabuen horma goitik behera erori zitzaidala sentitu nuen.