Jon Abril: Zinpi eta zanpa

Euskalerria Irratia 2013ko urt. 11a, 14:00

Zinpi eta zanpa. Nirea delako. Kolpatu. Bortxatu. Txikitu. Tratu txarrak nahi hainbertze eragin. Fisikoak. Psikologikoak. Nirea zelako. Uste genuen emakumeen kontrako indarkeria adineko jendearen kontua zela. Kulturarik gabeko jendeak eragiten zuela.

Euskal Herrian ez zela horrelakorik gertatzen, jatorrak garelako. Eta ohartu gara gazte jendea dela tratu txar gehien eragiten duena. Ikasketa mailak ez duela zerikusirik. Eta Euskal Herrian ere, sarri, sarriegi gertatzen direla horrelakoak.Eguberri egun hauetan sexu erasoak jasan dituzte, gutienez, hiru emakumek Euskal Herriko karriketan: Gernikan, Elgoibarren eta Donostian. Matxoa naizelako. Indar fisiko handiagoa dudalako.

Eguberi egun hauetan ere, tratu txarrak jasan dituzte zientoka emakumek Euskal Herriko euren etxeetan. Isilpean. Bakan batzuek baino ez dute indarrik, kemenik, ahalbiderik izan polizi-etxe batera joan eta salatzeko.

Gaixo dagoen gizarte baten kronika da hau. Elkarrekiko errespetua lantzen ez duena, bizikidetza zer den ez dakiena. Lehia balioesten duena harreman sozialen gainetik. Zinpi eta zanpa. Aldatu behar dugun gizartea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!