Urdin izeneko gizon zahar ozpindu bat bazen gure herrian, hagitz gizon berezia; badakit gertutik ikusita denok garela berexi, baina gizon hori berexietan berexia zen zinez, eta gure herrian hamaika istorio kontatzen ziren gizon aldrebes horren gainean. Hasteko eta behin, kontu zabaldua zen gazte-gaztea zelarik adinez nagusia zela esan zuela, gezurra esan zuela alegia, División Azul delakoan boluntario joan ahal izateko; hartara, Errusiako lautada izoztuetan ibili omen zen tiroka gorriak garbitzen, eta ordainetan Negu Gorria jeneralak behatzak jelatu, ebaki eta ebatsi zizkion. Orduan Urdin itzuli zen sorterrira, baina ez osorik, bi oinen behatzak han gelditu baitziren betiko, beste boluntario askoren gorpuekin batera. Halere, gure gizona heroi baten gisara itzuli omen zen, hasieran bi soldatarekin: Werhmacht-ena eta Espainiako Armadarena...
Urdinenean, Urdin-en etxean, urteetan eta urteetan hautsa biltzen egondako oroigarriak, abentura eta desbentura horien guztien froga omen; eta omenka dakit nik, nehoiz ez bainuen aukerarik izan haren etxera sartzeko. Behatzik gabe ibiltzeko arazoak zituela-eta, ez zen ia-ia baserritik ateratzen, eta auzoekin harremanik gabe bizi izan zen, iloba baten bisitak izan ezik, herritik aparte xamar dagoen Urdinen baserrira hurbiltzen baitzen lantzean behin. Neroni hogeita bost urte bizi izan nintzen herrian eta urtero egiten zen puska-biltze egunean baino ez ginen Urdinenera hurbiltzera ausartzen; urte horietan guztietan esku batar batekin kontatzen ahal dira Urdin bera ikusi genituenak. Gizon uzkurra zen, mutil zahar ozpindua, ponte-igela eta zekena...
Eta bazela diot, zeren duela gutxi hil baita, zaharreriaz, bere ozpinetan itoa eta bakardade hitsean hiriburuko zahar-etxe batean; ilobak sartu omen zuen bertan duela urtebete edo, agureak zainketa bereziak behar baitzituen azken urteotan. Iloba horrek berak jarri zuen eskela gure herrialdean jende serioak irakurtzen duen berripaperean; neroni oso serio ez izaki, ez dut berripaper hori erosteko ohiturarik eta, beraz, herrikide baten telefono-deia jaso ezean, ez nukeen izanen Urdinen heriotzaren berri:
-
Hi, badakik nor hil den?
-
Nor?
-
Urdin
-
Ez duk egia izanen.
-
Bai gizona, atzo hil zuan. Gaur agertzen duk periodikuan eskela.
Periodikua aditzean, berehala ulertu nuen ez zela normalean nik erosten dudan berripaperean. Gabon hauetako egun batean amaginarrebaren etxean geunden -eta amaginarreba ere jende serioa izanik- bertan hartu nuen periodiku hori eta eskelen atalera jo nuen. Han ibili nintzen, bila eta bila... baina birritan bilatuta ere, han ez nuen Urdin lehen begiratuan aurkitu. Goitik behera arakatu eta gero, eskela txiki bat kausitu nuen, erdara hutsean, gure herriaren elizan gizon baten hileta-elizkizunak iragartzen zituena hurrengo egunerako: horrexek behar zuen, noski, ilobak jarritako eskela. Baina harrigarriena zen eskelan ez zela Urdin abizena agertzen, gure herrian arruntak diren baina niri erabat ezezagunak egin zitzaizkidan izen-abizen batzuk baizik.
Sakelako telefonoa hartu eta lagunari itzuli nion deia. Herrikideak askatu zidan korapiloa: eskelako izen-abizenak ongi zeuden, eta Urdin zaharra ez zen Urdin: Urdin ezizen bat zen, dibisio urdinean ibilia zelako eta beti harro agertzen zuelako boluntario ibilia zela gorriak akabatzen Errusian. Bizitza osoa eraman zuen ezizena, inoiz emandako dominarik preziatuena balitz bezala, eta nire bizitza osoan ustez haren izen hori, Urdin, ez zen ezizen bat baino; Errusiako lautada mortu hotzetan Negu Gorria jeneralak erauzitako behatz ubelen ordainetan emandako ezizena.