Bilboko alkatea dugu munduko alkaterik hoberena. Hala dio, bederen, nazioarteko fundazio niretako ezezagun batek. Bilbok ez zuen bertzerik falta. Eta Iñaki Azkunak ere ez. Pertsonaia xelebrea egin zait beti Azkuna. Inoiz ez dut jakin bilbainaxoetan bilbainaxoena agertzeko bere tema hori etorria den, edo ekarria; berezkoa duen, edo zerbait bilatua.
Hainbat jenderendako, Eusko Alderdi Jeltzaleak gorrotagarritik duen guztia biltzen du Azkunak bere baitan. Zorionez, ez dira jeltzale guztiak hain euskaltzale epelak, ezta autoritarismora hain emanak; ez dute denek eskuinaren errezeta sozial eta ekonomikoetarako isuri bera.
Kanpotik ikusita, zerbaiten karikatura ematen du Azkunak. Baina hara, bilbotarrak loriaturik daude harekin, bere gehiengo absolutuak lekuko. Ez dago garbi iruindarrok, donostiarrek eta gasteiztarrek inbidiarik batere ote diegun bilbotarrei. Mayak, Izagirrek eta Marotok Azkunari bai, seguru.