Zenbakien gaineko argazkia da gaurkoa. Langabeziaren datuak argitaratu dituzte gure inguruko egunkariek: datu harrigarriak, datu beldurgarriak.
Diotenez, lan egiteko moduan daudenen arteko lautik bat lanik gabe dago. Alegia, populazio aktibotzat jotzen denaren laurdena. Eta gazteak kontuan hartuta, bitik bat da lanik gabe dagoena: erdia.
Hozkirria sortzen duten datuak dira.
Ingurura begiratu dut. Auzo txikian bizi naiz: berrogeita hamar bat familia. Eta errepasoa egin dut. Eta izen-abizenak jarri dizkiet datuei… aurpegi bilakatu zaizkit zenbakiak: Peru, Maria, Joxe, Ildefonso, Aintzane…
Sukarra ekarriko du hotzikarak, gauzak aldatu ezik. Lanik gabe, ez da herririk aurrera egin dezakeenik. Ez gaude ondo. Ezta sano ere.