Hasier Larretxea: Eguneroko bat idaztea...

Euskalerria Irratia 2013ko urtarrilaren 2a

EGUNEROKO bat idaztea historiarik ez izatearekin parekatzen du Tomás Segoviak Denbora besoetan nota-koadernoan. Niretzat, historia hori berreskuratzeko modu bat da idazketa autobiografikoa zein poetikoa.

Zaurien sendatze bat, non, memorian solte ziren uneak hedatu berriak diren jauntzien gisan txirikordekin estutzen diren. Denborak bakoitza bere lekuan jartzerik ez badu, literaturak egin beza. Erran gabekoek osa dezatela berriz ere errepikatuko ez direnen sekuentziak.

Erranak erran,

erranak erran,

erran gabekoekin

huts egindako bokalekin

kamustutako eleekin

ihes egindako adierazpideekin

osatuz goaz

errandakotik

erran nahiko genituzkeenetara

zintzilikatutako adar kate ilunpe zintzilikari,

izenik gabeko hirien postalak

Erranak erran

erranak erran

erran gabekoetan ezkutatzen dira

silabarik zaporetsuenak,

desira ezkutu eta gozoangarrienak,

hitz orotik haraindi direnak,

errateko salbagarriak diren

bakanetarikoak.

Iraganak zirriborratu diezagun etorkizun baterako aterpea, garraztasunera berriz ere kulunkatuko ez gaituen pausoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!