Ander Perez: Maien Aroa

Euskalerria Irratia 2012ko abenduaren 20a

Ongi bidean, hau ez da historiako nire azken artikulua izanen. Maien profezia ezaguna ez da beteko. Jan ezazue lasai taloa eta txistorra biharko Santo Tomas egunean. Mundua ez da bihar amaituko. Hala jakinarazi du nork eta apaiz maia batek, Ion Telleria kazetariak Naizen zabaldutako bideoan. Eta gaineratu du, munduaren amaierarena interes ekonomikoak dituen asmakizun hutsa baino ez dela.

Maiek ez zutela inoiz iragarri mundua bihar bukatuko zenik, ziklo baten aldaketa izanen zela baizik.Agian gehiegitxo esatea izanen da, baina baliteke ziklo aldaketaren horretan maiek asmatu izana, nondik begiratzen den. Azken hilabeteetan, munduaren egoerari begira, zeozer gertatuko delaren sentsazioa izan dut. Eta, agian ez justu bihartik aurrera, baina ematen du ziklo bati itxiera ematen ari garela. Biziraun nahi badugu ezinen dugula ama lurra orain arte bezala zapaldu, adibidez, edota agintariek ezinen dutela herririk ez balego bezala jokatzen jarraitu.

Euskal Herrian ere ziklo bat itxi eta berri bat zabaltzen ari gara. Eta, etxean bertan, Barcina zikloaren amaieraren aurrean egon gaitezkela dirudi. Iruñeko udalean ere, UPNk aurtengo aurrekontuak luzatu beharko ditu. Ez dakit horrek zenbateko kalte egin diezaioken egungo alkateari, baina ni neu poztuko nintzateke, maien aroa bukatu ahala Maya aroa ere bukatuko balitz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!