Lagunen hezurrak eta haragiak
Mila aldiz errepikatu diren arren, mila eta batgarrenez esan nahi ditudan gauzak: esango dut joan den astean lagun pare batek eta hainbat ezagunek jakin dutela ezetz, euren hezur eta haragi gazteek ez dutela urte batzuetako ustelaldia jasango Espainiako kartzela batean.
Esango dut poztu nauela berriak eta espero dudala aurrerantzean horrelako gehiago entzuten hasiko garela.
Baina esan behar dut albistea berandu eta gaizki datorrela, Hernaniko hamar gazteren hezur eta haragiak komisarian kraskatu eta ubeldu ondoren; kartzelatik pasata; inkisizioak galdekatu ostean; hiru urtez polizien zelata jasan eta gero.
Fiskalak eta epaileak ezetz diote orain, ez zutela deusen errurik.
Barkamenik ez diete eskatu eta, galdetu ote dezaket: nork itzuliko dizkie 2009ko martxoaren 31tik 2012ko abenduaren 12ra arte jasandako guztiak? Zein adierazpen ofizialek berdintzen ditu urteotako beldurrak? Zenbat diruk konpentsatuko dituzte bost egun poltsa batean itota?
Pozten gara gurekin pasako dituztelako Eguberriak. Tristatzeko motiboak ere ez dira gutxi, antzeko egoeran daudenekin akordatuta.