Nik zalantzaz beteta, ohi den bezala, nire buruari galdetu diot: Zer da orekatua? Hobe errana, PPrentzat zer da oreka, zer da hizkuntza oreka? Proportzioak ezarriko dizkigute Madrildik hizkuntza testu ingurua kontuan izanik? EZ, Wert jaunari hizkuntza testuingurua bost axola zaio, inporta zaion testuingurua beste bat da, politikoa, testuinguru nazionala. Argi utzi digu espainolizatzearen beharra eta hizkuntza gutxituen kontrako eraso hau hortik doa, inolako zalantzarik gabe.
Bitartean, inork ez bazuen espero ere, Iribasek defendatu egin du D eredua Werten proposamenaren aurrean. Hori bai, ez dezazuen pentsa hau UPN-ren hizkuntza politikaren aldaketa denik. D eredua defendatu du arazoak ematen ez dizkigulako… Zer arazoak eman behar zizkigun? Zer azaldu nahi izan du Iribasek horrekin? Eta behin galderak egiten hasita: TIL programak arazoak ematen dizkigu? Proportzionatua da? Emaitza onak ematen ditu? Ebaluatu egin da? Zer irizpideekin ezartzen da nahitaez ikastetxeetan? Guzti honek ziur ez duela inolako garrantzirik, azken finean, ingelesa -gaztelania bezala- desagertzeko zorian egonik gure babesa beharrean daude.