Nekagarria zait euskal-apez izandakoek dituzten omenaldiak, gogaikarria familia handiko seme-alaba liberalen ustezko ekarpenak, aspergarria dominen banaketa gurutzatuak, nazkagarria zait hil ondorengo biografia gezurti eta hanpatuak. Bukatzera doan urtean horrelako hamaika.
Isilpean, zaratarik gabe, leun, mantso edo braust. Ezagutzen ditudan estimatuenak horrela joan dira. Eskela gutxi edo batere ez, omenaldi edo despedida isila, irratiko programazioan arrastorik utzi gabe, eguneroko paperean huts, sari publikorik gabe. Maite, atsegin, errespetatu, miresten ditut.
Alberto Caeirok 1915ean idatzi zituen nireak sentitzen ditudan bertsoak, orain negu atarian, udaberria urruti denean:
“Udaberria itzultzen denerako
beharbada ez naiz egongo munduan.
Orain imajinatu nahi nuke udaberria giza jendea dela
pentsatzeko negar egingo lukeela
bere adiskide bakarra galdua duela ikustean.
Hala ere, udaberria ez da gauza bat ere:
esateko modu bat da.
Loreak edo hosto berdeak ere ez dira itzultzen.
Loreak eta hosto berdeak beste batzuk dira.
Beste egun goxo batzuk dira.
Ez da ezer itzultzen, ez errepikatzen, dena erreala da eta”.