Antzekoak gara arabarrak eta naparrak, zentzu askotan. Bilbotarren harrotasun eta donostiar zein iparraldetarren apaltasunaren artean gaude, beti, gehienetan, umorez. Agian, horregatik zait horren atsegina Gasteiz. Hotza ere, antzekoa. Hotz handia atzo Gasteizen, eta berdintsu Iruñean.
Antzekotasunen artean, ordea, ezberdintasun bat. Gasteizera noan bakoitzean, harritu egiten nau bertako kultur eskaintzaren zabaltasun eta kalitatea. Kontzertu bat hemen, antzerkia bestean, erakusketa beste hartan...Kultur ikuskizunen kartelek betetzen dituzte tabernetako ateetako kristalak, eta zer aukeratu ez da erraza izaten. Ez nuke gehiegi luzatu beharko Iruñearekiko aldeaz hitz egiteko. Badakigu zertaz ari garen. Galdera bat bakarrik. Iruñeko basamortu kulturala ikusita, antzoki hutsak sufrituta, programazio desertiko hotz hori ezagututa...ez al dugu guk ere merezi Siberia-Pamplona bezalako konparaziorik? Nik uste dut baietz.