Gaur ezin ihes egin ez argazkiei ezta haiek egin eta aukeratu dituztenen intentzioari ere.
Azalekoan ageri da Urkullu legebiltzarreko hizlarien mahaitik esplikazioak ematen. Adi dauka han barrenean Laura Mintegi eta ez horrenbeste Patxi Lopez, burumakur. Lehendakari izango dena, izan zitekeena eta izan dena, hirurak bista berean sintetizatuta.
Bigarren-hirugarren orrietan bi lehendakarigaiak diskurtsoa botatzen. Urkullu eskuinetik hartu du argazkilariak eta Mintegi ezkerretik. Bi argazkiak elkarren ondoan jarrita, bata eta bestearen arteko eztabaida iradokitzen du konposizioak.
Laugarrenean, argazki banatan, Lopez, Basagoiti eta Maneiro. Honi gorbatak arintzen dio apur bat betiko bekozko iluna. Lopez, ezpainak okertuxe baina “hemen ez da ezer pasatzen”eko bisaia erakutsi nahian. Basagoiti, auskalo noren ateraldiari barrezka.
Seigarren orrialdean Urkullu zerura begira… argazki oinak argitzen du gonbidatuei so dagoela. Zazpigarrenean Mintegi eta Urkullu erdizkako besarkadan, bozketa izan eta gero.
Zortzigarrenean txano oihan bat da lehenengoz bistaratzen dena: hainbat lantegitako beharginak protestan. Haietako bi, kamisetak soinean eta kartelak eskuetan, legebiltzarreko gonbidatuen tokian. Kalean berriro, emakume bat lurrean erorita, ertzainek artatzen dutela.
Gizarteko irakaslea banintz, gaur argazki hauen inguruan tajutuko nuke klasea.