Gaur, atzo, herenegun, etzidamu, Nafarroan bi etxe kaleratze gertatzen dira. Egunero, gaur bi eta bihar beste bi. 2012 urtean bakarrik 700 etxe kaleratze baino gehiago gertatu dira jada. Gaur ez dakigu nor kaleratuko duten baina bihar Bernardaren etxe kaleratzea eskatu du Iruñeko Auzitegiko 2. epaileak.
Bernardaren azken urteetako bizia biografia kolektibo baten parte da, hainbat aldiz errepikatua: Iruñera heldu, lana topatu, etxe bat erosi. Gero lana galdu, hipoteka ezin ordaindu eta kaleratze bati aurre egin behar.
Baina bihar gertatuko den beste etxe kaleratze horren aurka, Bernardak antolakuntzaren alde egin du lan bere etxe kaleratzea ekiditeko. “Hipotekak kaltetutako plataformako” kide da eta mobilizazioaren alde egin du apustu Altzania Ibaiaren kaleko 3. zenbakian duen etxea defendatzeko, bertatik ez bera ez haren hiru seme alabek joan behar ez izateko. Hitzordua goizeko 8:30tan dute jarria Zaragoza etorbideko “Las matas” tabernaren parean, kaleratzea 9etarako baitago hitzartuta.
Kasu konkretu honetan Berriozarreko sukurtsaleko Ibercaja da horren arduraduna, Auzitegiko 2. epailearen laguntza betearekin, bera baita duela bi aste onartutako “Etxe kaleratzeen aurkako dekretu” xume hori kasu honetan ez aplikatzearen arduraduna.
Egoera hau kapitalismo zapaltzailearen ikono argia da: epaileak eta bankuak, langabezian dagoen pertsona baten aurka, pertsona horri azken sosa atera arte, pertsona horren egoerari kasu egin gabe. Etxe kaleratze hauek boterearen ankerkeriaren eredu dira baita hark etsiko ez duelako seinale. Ez gaitezen engainatu.
Espainiar estatuaren erreskatea eskatzekoa den momentuan guk zor ez dugula eta guk ordainduko ez dugula errepikatu behar dugu behin eta berriz. Erreskatea atean joka dugunean Bernardaren etxea defendatzea bankuen zorrari aurre egitea da baita haiei esatea zabaltzen ari den konflikto honetan beldur ez garela. Horrexegatik bihar Bernardaren etxea defendatuko dugu eta hurrengoan laguntza hori eskatzen duenarena.