Hamaika ikusteko sortuak ginela jakin arren, atzokoak marka guztiak hautsi zituen. Zortziak bost gutxi zirenean, Iruñeko Katedralaren parean nintzen ni, Nafarroako Administrazio Publikoaren eraikin dotorera sartzear, ohi bezala Euskalerria Irratia pizturik.
Eta hara non, bat-batean, esatariak inuzenteen egunerako ere asmatuko ez genukeen istorioa kontatu zigun: Caja Navarrako presidenteak salaturiko xantaia eta horretan nahasturik nor eta Santiago Cervera, Partidu Popularreko diputatua, Guardia Zibilak atxilotua informazio misteriotsua jasotzera joan zelarik.
Caja Navarraren eta politikarien ospe txarra areagotzeko hau besterik ez genuen behar, hori egia da. Baina, aizue, baikor izan gaitezen honek guztiak bere alde onik badu-eta: zorionekoak egunkarietako komikigile eta literatura surrealistan murgildu nahi dutenak, nekez aurkituko baitute hau bezalako pagotxarik.
Inuzenteen egunerako broma egin nahi duten kazetariek, ordea, ez dute nolanahiko erronka: atzokoa hobetzerik ez dago.