Jendarte zabalaren zati sentitzen naiz. Han direlako literatura egiten sortzaile kritikoak, debaldeko lana egiteko prest diren ameslariak, bilobentzako liburuen bila joandako amonak, aktore urduri eta kartsuak, ekintzaile dinamikoak bitartekaritzan, gizon eta emakume gazteak haurren aulkitxoak bultzatuz, zinemagile dibergenteak, topikotik kanpoko musikariak, ijito kontalari eta deklamatzaileak, urtean zehar horrelakoetan bakarrik topatzen ditudan pertsona estimatuak, Txantonesaren menu azkar eta proteinikoa, seme, lagun eta ezezagunen lana.
Durangok, jakina, beste hamaika aurpegi ditu gure menpekotasuna eta merkatuaren zabarkeriaren ispilu direnak. Hor ez naiz hain bertako sentitzen. Sukaldaritzaren liburu ohikoak, paisai berdeen bildumak, beti nerabe direnentzako produktu fresko eta alaiak, Eroski-literatura, zaharra berriaren moduko musika edo eta iraganarekiko nostalgia gezurtia.
Eztabaida zahar-berria. Goethek esan zuen pentsamenduan ez dagoela “bide” edo “irekitako ibilbidez” hitz egiterik, itsasontziak uretan sortzen duen arrastoa bezalakoa delako: nabaria eta iraungikorra.