Duela hamar bat egun, Lizarran, UPNk Alderdiaren eguna ospatu zuen. Bertan, bakartasunak kezkatuta ziur aski, Yolanda Barcinak berriro keinua egin zion PSNri. Honaino, normal; ohituta gaude. Azken finean, guttienez 30 urte daramate bi alderdi hauek, eskuak lotuta, Nafarroako patua erabakitzen eta elkarren beharra dute.
Hain arrunta ez dena presidenteak erabili zituen papera eta hitzak dira. Nor eta Barcina ikusi behar Herri Ekimenaren triptiko batekin eskuan, zartailu gisa, PSN astintzeko prest. James Bond bera balitz bezala, "Ez" doktorea aipatu zuen jendartearen arreta deitu nahian.Egia esan, ez zuen "Ez" doktorea aipatu, "Ez"-en Koordinadora baizik, Herri Ekimena hain zuzen ere. Baina, edo gezurti hutsa da, edo ez daki irakurtzen. Eskuan zuena aurrekontu parte-hartzaile eta sozialen aldeko lan baten laburpena zen, Herri Ekimenak burututa, Nafarroako hainbat gizarte talderen laguntzaz (ia-ia 40, koordinakundeak eta sindikatuak barne).
Bertan, "ez" batzuk agertzen dira (non eta nola ez den gastatu behar nafarren diru publikoa), baina batez ere "bai" aunitz. Bai osasun eta hezkuntza publikoei, bai behartsuenak babesteari, bai aberatsenek gehiago ordain dezatenari…
Beraz, Bond, Yolanda Bond, okerturik zebilen. Argi eta garbi adierazteko, Herri Ekimenak aurrekontu parte-hartzaile eta sozialen aldeko manifestazioa deitu du. Datorren 15ean izanen da. Arratsaldeko 5:00etan, Antoniutti parkean dugu hitzordua. Baietz jendetsua suertatuko!