Euskadiko ordezkaria eta bereziki Kataluniakoa izan ziren, nonbait, asaldatuenak Hezkuntza lege berriaren proiektua azaltzeko Wert ministroak atzo Madrilen erkidego autonomo guztietako Hezkuntza kontseilariekin egin zuen bileran. Horiek asaldatuenak, baina ez isilik gelditu ziren bakarrak. Gaur Diario de Navarran irakurri dugunez, Iribas nafarrak hemengo D eredua defendatu zuen Werten aitzinean. Bai, jaun-andreak, nor eta Iribas, zer eta D ereduaren alde.Eroak jo ote du, bat-batean, tafallarra? Egon. Titularretatik letra tikira joz gero, hara: Nafarroako gaur egungo eredu sistema defendatu zuen Iribasek. Eta jadanik ez dakigu Iribasen kezka zein ote zen. Nafarroan inor ez baitago gaztelaniaz ikasi nahi baina ezin duenik sistema publikoan, eta bai, ordea, euskaraz nahi eta ezin duenik. Eta Iribas imajinatu dugu, estu eta larri, ea katalanei kalte egin nahi izateagatik, ez ote zieten azkenik Nafarroako euskaldunei fabore eginen, non eta Madrilen.
Eta horra tafallarra, sutsu, gaur egungoa defenditzen, eta Madrilgo PP, nola ez, haren kezka bere egiteko prest. Ez baitzaigu Iribas, nor eta Iribas, bat-batean erotu.