Espainiar agintariak, eta hemengoak ere, aise ari dira guraizeak sartzen, gizarteko ahulenak are egoera larriagoan utziz. Eta bitartean, iruzurgileei dei berezia: etorri gugana, ekarri diru-beltza eta saria emanen dizugu. Gizarteratu duten mezua egiazkoa izateaz gain, ez da bart arratsekoa. Txirritak ederki laburbildu zuen: «Lapur txikiak kastigatzeko nonahi badago kartzela; haundiak hor ikusten ditut paseoan dabiltzala».
Lapur handiei eginiko eskaintzak ez du fruitu handirik eman: 1.200 milioi, huskeria bat espainiar kontuen zulo sakonean. Jokaldia, beraz, borobila, Kataluniako polizien indultua bezalakoa. Hemen ere, mezu eredugarria gizarteratu dute: polizia izanik, krimenik larriena egin dezakezu, lasai lasai, inork ez baitzaitu epaituko. Eta kasualitate askoren ondorioz epaitzen bazaituzte, erruduna izan arren, libre aterako zara %99,99an. Eta epaile batek zigortzen bazaitu ere, lasai egon, ez baituzu kartzelarik zapalduko.
Bi adibideok argi erakusten dute Espainiaren krisia ez dela bakarrik ekonomikoa, askoz larriagoa baizik.