Argazkia ez dago egunkarietan, baina bai kalean, atzo goizean bertan. Lehen kliskadan, adin ertaineko gizona, bizarra gris kolorekoa, panazko prakak , jertsea, eta gerri bueltan foulard bat, garai hobeetako ukitu golfo gisa. Etxe atari batean zeuzkan kartoi eta poltsek salatzen zuten etxegabea.
Handik ordu batzuetara, bigarren kliskadan, banketxe baten aurrean zeuzkan bere ondasunak, baina, bistan da, gizona ez zen banketxeko bezeroa: espaloiko zorutik zigarro mutur bat hartzen harrapatu nuen.
Arratsaldeko lehen orduan, hirugarren kliskada, gizonaren ekipaia autobusen geltoki parean zegoen, taxien ondoan. Izena ere bazeukan ekipaiak: Brian Tsaros. Gizona ez zen ageri: ez zegoen taxiaren zain, eta ezta autobusen txarteldegiko ilaran ere.
Badirudi inguru honetan lekutu dela Brian, baina ez da aurreko astean gure etxeko eskaileretan lo egin omen zuen gizon berbera; hura tabernan ikusi izan dut egunez. Hark ez darama ekipaiarik, soilik berokia eta kapela buruan. Bertako egina dagoela dirudi.
Argazki sekuentziak auskalo ze jarraipen izango duen gaur.