Edurne Begiristain: Zuretzat, Tere

Euskalerria Irratia 2012ko azaroaren 28a

«Oraindik milaka emakume beldurrez bizi dira, bakardadean, etenik ez duen eraso, mehatxu, mespretxu eta abusuen espiral baten biktima». Emakumearen indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren atarian, horixe izan zen Mariola Serrano, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Bulegoko zuzendariak esandako esaldi latz, gogor, krudel eta egiazkoa.

1999. urtean Nazio Batuen Batzar Orokorrak azaroaren 25a Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna izatea erabaki zuen. Ordutik, hamahiru urte igaro dira, eta gauza asko aldatu dira. Batetik, indarkeria sexistaren salaketa gizarteratu egin da, eta etxe barruko arazo izatetik gizarte osoaren arazo izatera pasa da. Baina, aldi berean, emakumearen aurkako biolentzia ez da amaitu. Odolustea hor dago, eta ez du etenik. Tere Egurrola izan da azken biktima.

Amaitzear dugun urtea latza izan da. Gorriz margotuta daude egutegiko egun guztiak, hil, zauritu, sufritu duten emakume bakoitzaren izenarekin. Isiltasunean eta bakardadean, mehatxuak pairatu duen bakoitzaren izenarekin. Publikoan umiliatua izan den bakoitzaren izenarekin. Kolpeak egun batean bai bestean ere bai bizi izan duen bakoitzaren izenarekin.

Eduardo Galeano Uruguaiko kazetari eta idazleari entzun dizkiot hitz ederrak, eta horiek erabili nahi ditut, gaur, injustiziaren azken biktimaren omenez. Berau azkena izan dadin behingoz, zuretzat Tere:

“Badira hiltzaile batzuk, lasai asko aldarrikatzen dutenak akatu egin nuen, nirea zelako. Horrela, besterik gabe. Zentzuzkoa eta bidezkoa balitz bezala gizonezkoek emakumeekiko eskubide pribatua izatea. Baina gizon horietako bakar batek ere, ezta harroputzenak ere, ez du ausardia nahikorik esateko beldurragatik akatu egin nuen. Izan ere, emakumeek gizonen biolentziari dioten beldurra, gizonek beldurrik gabeko emakumeei dieten beldurraren isla da”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!