Isilpean pasa da Iruñeko antolakuntza ekonomikorako garrantzitsua izanen den beste proiektu baten eraikuntza. Apenas berririk izan genuen irailean: Erruki etxeak (@casademisericordia) haren egoitza nagusiaren atzealdean merkatal gune berria irekiko du. Berri lauso eta motz bat atera zen egun batean, eta beste pare bat hurrengoetan.
Jakin genuen MGV eraikuntza enpresa izanen zela obraren arduraduna eta E. Leclerk-ek hitzartu zuela jakien aldearen kudeaketa, baita hasierako kapitalaren parte bat jartzea ere. 2010an Iruñeko udaletxetik pasa omen zen lur sail horien erabilera aldatzeko bozka eta ANVk ez ezik talde guztiek baiezkoa eman zioten proposamenari.
Eraikuntzaren zikloaren boomaren garaietan izaten genuen sentsazioa agertu zaigu berriz: “hori hor eginen omen dute?”
Eta hortxe dugu afera. Zentro horren eraikuntzarako obrak hasi egin dira. Isilpean, berriz ere, baina Erruki etxearen atzeko eraikuntzaren eraisketa bukatu da jada eta obra berriak hastea besterik ez da falta.
Gobernua krisi gogorrean dagoela dakigun arren, ez dago mesprezatzerik haren lanerako gaitasun eta iraunkortasuna, oso argi baitute udaletxean eztabaidatu eta onartzen den oro garrantzitsua dela hiriaren osaketarako, hiria baita borroka eta politikarako tokia. UPNk aski argi dauka hau eta haren gobernuaren azken eguna arte egonen da bere hiri eredu baztertzaile honen alde defentsan, hiriaren antolakuntzan gizartearen ordena ezartzen baita.
Horrexegatik hurrengo urtetako borroka eta utopia hiri eredu jasangarriago baten eraikitzean dautza. Mugikortasunean, kulturaren kudeaketan, zerbitzuen kalitatean, diruaren banaketan... osatzen baita gure egunerokotasuna eta osasun soziala. Hiri konpaktua berreskuratzearen alde osatzen da hurrengo urtetako borroka, iraultza gertatzen ez den bitartean.