Zaharrak ikusi ditut argazki batean, lehen orrialde batean gainera. Eta atentzioa eman dit.
Ohituta gaude gazteak ikusten hedabideetan. Ohituta, kantari eta dantzarien gorputz ederrak ikusten. Kirolari sasoikoak. Era bateko edo besteko famosoak ikusten.
Bada, gaur, atentzioa eman didan argazkiak erakutsi dizkit aurpegi higatu eta esku zimelak. Lagun anonimoenak, ezezagunenak. Agureak ikusi ditut. Atsoak. Jende zaharra, erretiroa hartutakoa. Haserre daude.Albistean irakurri dudanez, zazpiehun euro baino gutxiago kobratzen dute hilean gure zaharretan hamarretik seik. Ez da asko, bizitzeko. Hiltzeko, agian…
Esan ohi da gazteak eta haurrak direla herri baten etorkizuna. Hala da, dudarik gabe.
Baina, zaharra aintzakotzat hartu eta mimatzen ez duen gizarteak zer etorkizun-mota duen galdetzen diot nire buruari.