Bai, ados, Esquerra Republicana asko igo da, bigarren indarra da orain, eta horiek independentziazaleak dira, baina emaitza guztiak begiratzen hasi eta ikusten da Artur Masen Convergenziak galdutakoa irabazi duela Esquerrak, eta gainerako indar korrelazioan ez dagoela beste aldaketa handirik: sozialistek galdu dutena Ciutatansek irabazi duela; PPk eta Iniciativakoek antzera jarraitzen dutela; alderdi txikiak desagertu eta beste batzuk agertzen direla.
Eta pentsatzen dut Katalunian mundu guztiak zekiela Masi buruzko plebiszitoa zirela hauteskunde hauek, ezta? “Onartzen duzu egin nahi dudan bidea?” galdera idatzita zeukan erreferendum bat zela, ezta? Eta garbi dago jendeak ez diola eman berak nahi zuen babesa. Ezkerrago bozkatu duela jendeak? Bai, baina independentismoari dagokionez, indar banaketa bere horretan dago.
Eta uste dut oraingoan, hori zela gaia. Alegia, emaitza hauekin, duela bi urte, esan genezakeen independentismoak gora egin duela. Baina, gaur egun, ez zen ba Mas independentismoaren lider berria? EAEko hauteskundeetako emaitzetan atera nuen ondorio bera atera dut, beraz, Kataluniako hauteskundeekin: apostua egiteko unean, gizartea ez dela ausarta, kontserbadore samarra baizik.