Astelehenean, Lokarri erakundeak aurkeztutako “Hablan los ojos” dokumentala ikusteko aukera izan nuen. Bertan, biktimak deitutakoak mintzo dira. Elkarren artean mintzatu ere. Baina, filmean agertzen diren guztiak biktima direla ezin dut nik lasaitasun osoz onartu.
Bada bat, ETAko kidea izateagatik hainbat urte gartzelan eman zuena. Eta hau biktima denik ezin dut nik gogo onez onartu. ETAn sartzea eta honen indarkerian parte hartzea, nahita eta libreki erabakitzen delako, horren erantzukizuna erabaki hori hartu duenarena delako, soil soilik.
Beste guztiak bai, beste guztiak biktimak dira. Biktima hutsak. Eta zitala, krudela eta bidegabekoa iruditzen zait biak nahastea, beren artean gaindiezinezko ezberdintasuna dagoelako. Biktima guztiak dira diferente, bai, baina biktimak dira. Eta berdin sufritu dute, inolako fundamentuzko arrazoirik gabe. Pakearen izenean, otoi!, ez ditzagun inoiz, inolaz ere, biktimak eta biktimarioak zaku berean sar!