Bost emakume, bakoitza alde banatara begira, haietako bat lurrera, Far Westekoa izan zitekeen paisaian. Ozta-ozta ageri da aparkaleku erraldoi hutsaren erdian “Hotel” dioen kartela.
Betaurreko beltzen atzean gordetzen dituzte begiradak emakumeek; soinean elastikoak eta praka erosoak, oinetakoak bezala. Gaua furgonetan pasatu dute, zortziehun kilometroko bidaia egiten eta orain zain daude, ordua noiz iritsiko, ateak noiz irekiko Herrera de la Manchako kartzelan.
Betaurrekoak erantzita, segurasko errepidean iragarritako hotelaren kafetegian, beste bi emakume; hauek ere alde banatara begira, eskua aho inguruan, pentsakor, kezka apur batez, zain, beti zain, bisita nola joango den barruntatzen.
Hirugarren argazkian errepide amaigabea ageri da, autoaren aurreko leihoaren kristal zipriztindutik. Beste zortziehun kilometro geratzen dira etxera itzultzeko. Eta horrela astebururo, urtetan.
Gari Garaialde argazkilariak lau urtetan zehar, Mirentxin furgonetan bidaiatuz, ateratako irudiak dira. Astero penintsulan alderik alde errodatzen den road-moviearen lagin txikitxo bat.