LABANAK euri egin zuen gau-ekaitzean
utzi genion lurraren zaindari izateari,
parez-pare zatikatu baitzizkiguten
eskuetan ezin atxiki genituen egurrezko bihotzen xaflak.
Laudatzeko asmoz ziren hitz xaloek
adierazteko eskubidea berreskuratzeko asmoarekin
exodoa abiarazi zutenean
utzi genion lurraren zaindari izateari,
argitasunaren beroarekin kiskalitako esapideen umezurtz,
betondoetako gabezi-iluntasunak hizkuntza-geografia
kobazuloetako oihartzun hitsera ahokatu ondotik.
Ikusten genuena bistan izateaz ahiturik
basoek ezkutatzen zuten adarrez haraindiko
paisaia artatzeari ekin genionean
utzi genion lurraren zaindari izateari.
Egurrezko makilak parez-pareko begiradaren zuzentasunaren ziurtasunarekin estutu,
eta ikusezinezkoetara abiatu ginen.
Basoaren bestaldetik,
ezkutatutako bizitza hits, indargearen kamustasunak
plastifikatutako bidezidorretarik ikuskatu genituen.
Gorriztutako begirada basatiek baino
ez gaituzte estutzen. Ikusezinarenak, ezezagunarenak,
basatiarenak, otsoarenak.
Bestaldetik baino ez ditugu izarrak
banan-banan zenbatzen ikasi.