Duela zenbat? Hiru urte? Lehenengo burutazioa egiteko astelehen zale baten istorioa kontatzea bururatu zitzaidan. Izen bat asmatu baina Anuska zen hor atzean zegoena: ni neu, astelehen zalea, lan egiteko gogoa zuen pertsona bat, astearen hasierazalea, udazkenzalea, udazkenak ikasturte berria dakarrelako, eta horretaz hitz egin nuen, “Anuskaren burutazioak” proiektuaren atarian. Gero, duela oso gutxi, pertsona baten nekeaz, hitz egin nuen. Oztopoak oztopo aurrera egiten duen ohiko borrokalaria. Nekea eta atseden beharraz.
Gaur ni, bera bezala, nekatuta nago. Ordenadorearen aurrean jarri eta ez zait ezer bururatzen nire burutazioa egiteko. Baina hemen nago, mikrofonoaren aurrean, eta irratian ezin da isiltasunik egin. Irratiak ez dauka isilunerik, pentsatu al duzue noizbait?
Asteburu honetan bezala. Lagun bat etorri zait bisitan. Elkartu eta hitz egiten eman dugu asteburu osoa, gelditu gabe. Gure arazo pertsonal eta ez horren pertsonalak direnei mila buelta eman eta alderdi ezberdinetatik begiratuz.
Ostiral goizean bezala, bikotekidearekin gure beharrak gora eta behera, bereak, nireak, nola bideratu, nola egokitu...
Nire amarekin aurreko egunean bezala...
Greba egunean bezala: mikrofono bat ireki zen Vinculo plazan eta hor, talde ezberdinetako manifestuak, aldarrikapenak, diskurtso luze eta koloretsua guztion artean eginez.
Hitzak. Gauzak izendatu behar dira. Elkarrizketa da bide bakarra. Egiak aske egingo zaituzte.
Telefonoak jotzen du. Lagun batek. Dakizuenez, Anuskak lagun asko ditu...
Eta azkenaldian, gauza bitxia gertatzen zait, ez behin, ez bitan, gehiagotan. Norbaitek zerbait kontatu eta bapatean niri begira geratu, eta haserre txikia baina nabaria azalduz, esaten dit:
-Ez zara entzuten ari.
Eta bai, ari naiz, eta azken esaldia errepikatzen dut. Baina, egia esan, somatu duen hori ez da gezurra erabatekoa. Entzun bai, entzuten dut baina ez nago beti bezain adi. Are gehiago, aurreko egunean, nire bikotekideak zera esan zidan: ez duzu betiko aurpegia. Zu ez zara Anuska. Beste norbait banintz bezala, ultragorputzen inbasioaren pelikulako extralurtarrak bezala. Non zaude?
Non nago?
Eta badirudi hitzetan ez nagoela. Ni, betiko berritsua, gauzak izendatzea gustokoen duen pertsona, ez nago hitzetan.
Ez zait burutaziorik bururatzen, ez dut pertsonairik asmatzen. Non dago Anuska? Non dago astelehen honen astelehenzalea?
Mikrofonoaren aurrean isilik, paper txuriaren aurrean, eskuak mutu.
Eta bitxiena dena, ez naiz paper txuriaren beldur, eta adi ez egotea ez zait damutzen. Ni ere haserre nago, haserre txiki baina nabaria dut. Bizitzak ez duelako atsedenik ematen. Azalpenak eman behar direlako, etengabe. Ezagutzen dudalako beste isiltasunik. Debekatzen den, deuseztatzen den eta onartzen ez den errealitatearena. Ezin dudalako horrelakorik jasan, zerbait esan behar dudalako. Konpromezuak ez duelako atzerabueltarik. Errealitatea, utz nazazu bakean! Esan nahiko nuke. Emadazu atsedena.
Negargura, haserrea eta nekea oso gertu daude, batzuetan. Batak bestea adierazten du batzuetan, hitzik gabe. Eta mututzea ere esangurutsua da batzuetan. Eta aurpegi ezberdin bat erakusteak ere zerbait esan nahi du. Barkatu lagun, ez daukat erantzunik, eta nahiko nuke izatea.
Eta bada beste isilunerik, norbere baitakoa, lagunartekoa, ipuin baten erdian lokartzen den umearena. Utzidazue gaur kontua horrela uztea, eta hilabete bat hurrengo kontakizuna erditzeko.