Denborak eta erritmoak ongi kudeatzen dakizki EAJk. Une bakoitzean eman beharreko pausoak neurtuak dituzte oso jeltzaleek. Arriskurik hartu gabe beti ere, epeak, faseak eta garaiak kontrolpean dituzte. Eskarmentua badute hori egiten. Hiru hamarkada luze zehazki. Badirudi orain ere gauza bera egiten jarraituko dutela.
Iñigo Urkullu EAJren Jaurlaritzako lehendakarigaia aurki Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuarekin biltzekoa da autogobernuari buruz mintzatu eta erabaki eskubidea "sakontzeko pausoak" emateko asmoz. Raxoirekin estatutu politiko berria negoziatu omen nahi du Urkulluk.Ibarretxek egindako bideari ekin nahi dio atzera Urkulluk, agerian denez. Edukietan ez hainbeste, bai ordea eman beharreko pausoetan. Baina inork ez dezala bere burua engaina: EAJk beste lau urte eman nahi ditu estatutu politiko berriaren negoziazioarekin bueltaka. Madrilera joan, negoziazioa proposatu, ezezkoa jaso, Legebiltzarrera gaia eraman, eztabaida sortu, proposamena egin, berriro madrilera, berriro atea itxi eta legealdia amaitzearekin batera, gaia kajoi batean sartu, atzera.
Eta Ibarretxerekin gertatu zen bezala, gauza gutxi aldatuko dira datozen lau urteetan erabakitzeko eskubidearen alorrean. Benetako aukerak egon badaude urrats sendoak egiteko, baina jeltzaleek neurria hartua diote egoerari: denborak, erritmoak eta pausoak ongi aski neurtuta dituzte. Hortaz, beste batzuek akuilu lana egin ezean, legealdi berria hutsala izango da berriro ere.