Xabier Barber: Gazi-gozoa

Euskalerria Irratia 2012ko azaroaren 21a

Azaroaren 14an, enegarren greba orokorra izan zen. Gazi-gozoa suertatu zitzaidan.

Greba gazia, Hego Euskal Herrian orokorra izan beharrean, mugatua izan zelako, batez ere Nafarroatik kanpo. Eta UPNren gobernuari beste inarrosaldi ederra eman beharrean, zimikoa besterik egin ez geniolako. Ene uste apalean, greba orokorraren deia egin ez zuten sindikatuak okertu ziren.

Greba gozoa, beste mobilizazio eguna izan zelako eta, egun, mobilizatzea oso-oso beharrezkoa da. Berriro ere, jende pilo batek elkar ikusi genuen Iruñeko kaleetan; tartean gazte asko, eta ez zen lehenbiziko aldia, irailaren 26an ere bertan baitzeuden.

Alde batetik, nahiz eta hedabide gehienek ongi ez aipatu, milaka lagun bildu ginen sindikatu txikiek eta hainbat gizarte taldek luzatu edo bultzatu deialdietan; goizean bizi-piketean eta gizarte piketean, Vínculo plazako mitinean eta Gaztelu plazan bukaturiko manifestaldian; eta, arratsaldean, Herri Ekimenak deitu manifestaldian, Antoniutti eta Gaztelu plazaren artean. Beste aldetik, Gailur Sozialak prestatu ekitaldietan, milaka pertsona ere bai.

Kapital eta gizarte gehiengoaren arteko liskarra areagotu egin da, krisia dela eta. Momentuz, gaizki goaz; atzera. Baina ez dugu galdu. Aurrera begira jarri behar gara, helburuak adostu eta gehiengo sozial horren indarrak batu. Askoz ere gehiago gara eta irabaz ditzakegu. Ekin diezaiogun, bada!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!