Irudi asko ekarri ohi dizkit azaroaren hogeiak, urtero. Aurten, horietako batzuk berpiztu, eta berriak gehitu zaizkit.
Azaroaren 20 batean hil zuten tiroz Santi Brouard mediku eta buruzagi abertzalea. Azaroaren 20 batean hil zuten tiroz Xabier Muguruza. Azaroaren 20 batean hil zuten tiroz Jose Antonio Primo de Rivera falangista. Azaroaren 20an hil zen, tirorik gabe, bere bizitzan bala asko tiratzeko agindua emana zuen Francisco Franco diktadorea.
Gaur, azaroak 20, beste lagun batzuen argazkia eta aipamena dakar prentsak. Gaur dakar prentsak ezen Eusko Legebiltzarrak onartu eta aitortu egin dituela honako hauek indar polizialen abusu eta gehiegikerien ondoriozko biktimatzat: Txiki, Otaegi, Antonio Fernandez, Javier Nuñez, Segundo Urteaga, Javier Batarrita, Alberto Soliño eta Antxone Telleria.
Ez ohi dira errazak izan azaroaren 20ak gure artean. Baina, politika egiteko moduak aldatu eta ea esperantzari leiho-zirrikitua irekitzen hasten garen.