A.k berrogei urte inguru ditu. Larunbata eguerdirako jantzi eta makilatu da. Merced kaleko edozein tabernaren parean da zigarreta eskuinean, garagardoa ezkerrean. Inguruan adin bereko andreak, beste zigarreta eta garagardoekin. Ozen mintzatzen da. Alaitasunaren plantak egiten ditu, bizitzan duen protagonismoa azpimarratzen du, autobiografia duinaren pasarte berriak kontatzen die. Gainerako guztia, azken urte hauetan gertatzen zaion gehiena, isiltzen du.
Upela ez den upelaren bueltan B. eta beste hiru gizonezko kalakan ari dira, hitza bata besteari kenduz, mundu politiko-instituzionalari egurra ematen. Serio, noizean behin ardoari zurruta eginez, aurrekoaren iritzia baino gogorragoa sortuz, beti ere pertsonalki urruti diren gaietan, norberaren esku dagoena saihestuz, lurperatuz.
Gizakion jokaera sakona omen da sekretua, lotsa ematen diguna, tabu sentitzen dugun oro nork bere buruari ere ezkutatzen diona. Eguneroko ohiko bizitzan edo muturreko egoeretan.
W.G. Sebald idazleak narratu du 1946an trena Hanburgotik kilometroak eta kilometroak zeharkatzen zituela guztiz birrinduak ziren ezlekuetatik. Bidaiariek ez zuten leihotik kanpora sekula begiratzen. Kanpotar itxurakoek, bakarrik, egiten omen zuten hori.
Alfred Doblin Berlinen bizi zen eta urte berean idatzi du: “Jendeak ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen du, hiria betidanik horrela izan balitz bezala”.